Vino Navarra. Deitura

  • Nafarroako ardoak bizi duen unea ez da berez etorri, ia 20 mendean zehar egindako bide luzearen emaitza baita.

    Nafarroan ezagutzen den ardogintzaren lehenbiziko arrastoa Kristo ondoko I. mendekoa da. Ordukoak dira Funesen aurkitutako upategi erromatarrak. Aztarna horiek, Ledean, Faltzesen eta Arellanon aurkitu diren beste instalazio batzuekin batera, antzina hartan ere ardoa irizpide industrialei jarraituz egiten zela erakusten dute.

    Mahastizaintza sendotu eta izugarri garatu zen musulmanek lurraldea hartu ondoren, haien erlijioak edari alkoholdunak debekatzen bazituen ere, baita X. mendetik aurrerako monarkia kristauekin ere. Erdi Aroan Nafarroa mahats eta ardo lurraldea izan zen. Bere burua hornitzen zuen eta esportatzeko adina ere ekoizten zuen.

    Ogi onaren eta ardo gozoaren lurra, halaxe gogoratzen zuten Nafarroa XI. mendetik Donejakue Bidean zetozen erromesek.

    XVII. mendean soberakinen arazoa nabaritu zen. Hala, bada, Nafarroan mahastiak landatzea debekatzen zuten legeak egin ziren, mahastiek lekua kentzen zietelako zereal soroei eta ogiaren garestitzea eragiten zutelako. Tradizioak dioenez, sobratzen zen ardoarekin elizak eraikitzeko zementua oratzen omen zen.

    Ardogile batzuen arrakastari esker sortu ziren lehenbiziko upategi industrialak. Haietako asko Nafarroako ardo ekoizle nagusiak dira gaur egun. Upategi horiek goraldi handia izan zuten XIX. mendearen amaieran, frantziarrak ardoa erostera etorri zirenean, beren mahastietan filoxerak egindako triskantzaren ondorioz.

    Zorioneko unea laburra izan zen, izurria Pirinioetan zehar hedatu eta penintsularen iparraldeko mahastiak ere gogor jo zituelako. Nafarroan 49.213 hektarea mahasti zeuden eta filoxerak 48.500 suntsitu zituela kalkulatu da. Hala ere, mahastizain eta ardogileek ez zuten etsi. Mahasti apur batzuk geratzen ziren, baina mahastizainen tradizioa eta gogoa osorik zeuden.

    XX. mendean sektorea indartsu berpiztu zen, intsektuak kalterik egiten ez zien mahatsondo barietate berriak landatu eta gero. 1911n kooperatiben mugimendua hasi zen eta upategi asko sorrarazi zituen. Joan den mendean zehar Nafarroako mahastizaintza eta ardogintza sektoreak hazkunde handia izan du.

    Azken urteotan, mahastien berritze garrantzitsua, mahatsondoak landatzeko eta ardoa egiteko sistemen hobekuntza eta barietate berrien sarrera direla medio, Nafarroa Jatorri Deiturak benetako iraultza bizi izan du eta Espainiako mahastizaintza eta ardogintza eremu nagusien pare kokatu da.

  • Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailea mahastizainen, Administrazioaren eta ardogileen ordezkariek osatzen dute. Mahatsaren produkzioa, ardogintza, ardoaren ontzea eta merkaturatzea kontrolatzen dituen organoa da.

    Produkzioari dagokionez, Kontseilu Arautzaileak mahastizaintzarako lurrak mugatzen ditu, laborantza lanak zehazten ditu eta mahastizainak kontrolatzen ditu arauak bete ditzaten. Horretarako Kontseiluak mahastizain-txartela ematen du, Mahastien Erregistroan inskribaturiko lurzatien egiaztagiria. Txartel horretan, gainera, barietateak, baimendutako errendimenduak eta beste datu batzuk ageri dira.

    Ardogintzari dagokionez, Kontseilu Arautzailearen kontrolpean daude mahatsa, muztioa eta ardoa manipulatzeko erabiltzen diren teknikak, hartzidura eta kontserbazio prozesua. Errendimendua mugatuta dago: 100 kilogramo mahatsetik gehienez ere 70 litro muztio edo ardo atera daitezke. Errendimendu hori aldatu egin daiteke kanpaina bakoitzaren gorabeheren arabera, baina ezin da inoiz %74 baino gehiago izan.

    Ardoa egiten duten upategiek nahitaez errespetatu behar dituzte ardo zuria, beltza eta gorria egiteko ezarritako metodoak.

    Kontseilu Arautzailearen kontrola ardogintzatik hasi eta ardoa merkaturatzen denean amaitzen da. Hauek dira kontrolaren oinarri nagusiak:

    • Ardoaren kalitate eta kalifikazio prozesua.
    • Ardoaren jarraipena, botilatzen den arte.

    Kontseiluak Zerbitzu Teknikoen eta Kalifikazio Batzordearen bidez egiten ditu lan horiek. Zerbitzu Teknikoak ikuskatzaileek osatzen dituzte. Kalifikazio Batzordeak ardoaren analisi organoleptikoak egiten ditu; mahastizaintzako, ardogintzako eta teknika-enologia sektoreko adituek osatzen dute.


© 2019 Reyno Gourmet.

Menú Principal (2)